1 – Ikusten duzu goizean,
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean,
Etxe ttipitto aintzin xuri bat,
Lau haitz handiren erdian,
Xakur xuri bat atean,
Iturrino bat aldean:
Han bizi naiz ni bakean !
2 – Nahiz ez den gaztelua,
Maite dut nik sor-lekua,
Aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
Nonbait naizela galdua,
Nola han bainaiz sortua,
Han utziko dut mundua,
Galtzen ez badut zentzua.
3 – Etxean ditut nereak,
Akilo, haitzur, goldeak;
Uztarri eta hedeak;
Jazko bihiez, ditut oraino
Zoko guziak beteak:
Nola iragan urteak
Emaiten badu bertzeak
Ez gaitu hilen goseak.
4 – Landako hirur behiak,
Esnez hanpatu ditiak,
Ahatxe eta ergiak,
Bi idi handi, kopeta zuri,
Bizkar beltz, adar handiak,
Zikiro, bildots guriak,
Ahuntzak eta ardiak,
Nereak dire guziak.
5 – Ez da munduan gizonik,
Erregerik, ez printzerik,
Ni bezain urosa denik;
Badut andrea, badut semea,
Badut alaba ere nik;
Osasun ona batetik,
Ontasun aski bertzetik;
Zer behar dut gehiagorik ?
6 – Goizean hasiz lanean,
Arratsa heldu denean,
Nagusi naiz mahainean;
Giristino bat ona dut hartu:
Nik emaztea hartzean;
Ez du mehe egunean
Sartuko uste gabean
Xingar hezurrik eltzean.
7 – Piarres nere semea,
Nahiz oraino gaztea,
Da mutiko bat ernea;
Goizean goizik basken erdira
Badarama artaldea;
Segituz ene bidea,
Nola baitu egitea,
Ez du galduko etxea.
8 – Ene alaba Kattalin,
Bere hameka urtekin,
Ongi doha amarekin;
Begiak du, amak bezala,
Zeru sola bezain urdin;
Uste dut denborarekin,
Oraiko itxurarekin,
Andre on bat dion egin.
9 – Ez dugu behar lurrean,
Ongi bizirik etxean,
Utziz lagun gosean;
Ez du beharrak sekulan jotzen
Gure etxeko atean,
Non ez duen mahainean,
Otruntza ordu denean.
Leku bat gure artean.
10 – Ene andrea Maria,
Ez da andre bat handia
Bainan andre bat garbia;
Musu batentzat badut etxean
Nik behar dudan guzia:
Gald’egiten dut grazia,
Dudan bezala hasia,
Akabatzeko bizia.










