1 – Epaile bat behin, konturatu zen
Hiru urrats eman ahala
Egun eta gau, gau eta egun
Norbait segika zeukala.
Epaile jauna nora zihoan
Bera hara zihoala
Pentsatu gabe agindu zuen :
« Kartzelan sartu itzala ! »
2 – Bere baitako sentituko zen,
Epaitegiko marrazo
Batzun aldetik ez zuen izan
Ez kritika, ez arazo.
Hedabideek, handi-mandiek,
Hartu zuten gozo gozo
Titulatuaz : » Delako itzala
Arriskutsua zen oso ».
3 – Baina grazia handirik ere
Ez zion egin askori
Justizia ezak ipini zuen
Kaleko giroa gori.
Haur txiki batek kontatu zion
« Begira epaile ongi…
Mamu-mamitzen saiatu arren
Zeure itzala zen hori ».
4 – Epaile jauna konturatu zen
Bistan zuela uzkia…
Haren dardara, ezinegona
Eta kopeta bustia.
Kartzelan sartu zituen biak :
Ilargia, eguzkia…
Egia esan zion haurtxoak
Ta mugitzen zen guztia.











